XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Klitori-bagina eztabaida eta eiakulazio goiztiarra aztergai Elberdinen liburuan

Sarketa sexu-modelo bakartzat hartzeak sortarazten omen du arazo gehien

Ibaetako Psikologia Fakultatean aurkeztu zuen atzo Luis Elberdin sexologoak La polémica clítoris-vagina y la eyaculación precoz liburua.

Lengoaia ulerterraza erabiliz, emakumeen gehiengoa koitoarekin zergatik ez den orgasmora iristen agertzen du, eta konponbideak proposatu testigantzak, komentarioak, aportazioak eta artikuluak bilduz.

SARKETAZ beste, sexu harremanetan modelo gehiago bilatzearen garrantzia azpimarratzen du Luis Elberdinek bere liburuan.

Emakumeen gehiengoa sarketarekin ez dela orgasmora iristen, alegia, eta joko sexualak ugaritu egin behar direla.

Ez du, hala ere, sarketa ezbaian jartzen: Kontua da ea emakumezkoen orgasmoa edo plazerra ezinbestean sarketaren bitartez lortu behar den; sexu harremanen menuan aukera bat besterik ez da sarketa.

Harreman heterosexualetan oinarritu da Elberdin.

Ildo horretatik, zera azpimarratzen du: Eredu bakar baten menpe gaude, eta sexu harremanetan eredu bakar horrekin jokatzen badugu, gure sexualitatea behartzen ari gara. Aldiz, bi eredu daudela onartzen badugu, gizonezkoarena eta emakumezkoarena, bakoitza bere gustuekin, orduan askatzen gara.

Menpekotasun honen arrazoia eredu gabezia omen da.

Benetako eredurik ez

Daukagun eredu bakarra zineman erakusten zaizkigun tamainak, errekorrak, hezetasun oparoak, arnasestu asmatikoak eta garrasiak dira, eta, gero, imitatzen saiatzean ez da halakorik gertatzen. Bien bitartean, ez dakigu gure bizilagunek zer-nolako sexu harremanak dituzten, ez dakigu benetako ereduak zein diren, agertzen du Elberdinek.

Sexu harremanak mugatzeak barne-lengoaia ezkorrak sortarazten omen ditu, gaizki egina izango ote naiz, frigida ote naiz, geldoa, klitoridianegia, agian nire zakila txikiegia da, eiakulazio goiztiarra ote dut,..., eta uste oker horiek uxatu nahi izan ditu Elberdinek liburu honekin.

Eredu gabeziaren arazoari erantzunez, liburuak argazki eta irudi argigarri ugari du, liburua irakurri gabe azaletik begiratu zuen ezagun batek ea liburu pornoak egiten hasi ote naizen galdetu zidan, aitortu zuen txantxetan sexologoak.

Kaleko hizkuntzarekin idatzita dago, jendeak erraz, arin eta eroso uler dezan igorri nahi den mezua.

Sexulapikoa zen orain artean Luis Elberdinek idatziriko liburu bakarra, eta hura bezala, honako hau ere Xenpelar argitaletxearekin kaleratu du.